Herri partaidetza

Herri partaidetza

Horma-argazkia

Ekainaren 20tik 29ra | Udaletxeko plaza  

Aukera ezazu argazki bat, inprimatu eta itsatsi ezazu horman.
Proiektu parte hartzaile honen helburua da horma-argazki bat egitea herritarren artean. Eslogana Familia izango da, eta nahi duenak parte ahalko du Udaletxeko plazara bertaratu eta aldez aurretik inprimatutako argazkiak itsatsi ahalko ditu horretarako prestatuko dugun horman.
Deialdi zabala egiten dugu nahi duenak parte har dezan: kolektiboak, familiak, lagun taldeak, klubak, entitateak, eskolako taldeak, lankide taldeak eta abar.
Ekainaren 20an, barikua, 18:00etan, Los espóntaneos taldeak ekintza dinamizatuko du antzezlan baten bidez.
Har ezazu parte! Ekarri zure argazkiak.


 

Big Mama proiektua

Ekainak 21, 18:00 | Ezkurdi plaza  

F-stpo argazkilaritza elkartearen kamera estenopeiko erraldoia.

Iraganean, aurreko mendeetan artistek eta margolariek erabiltzen zuten argazkiak egiteko teknikari lotuta dagoen kamera estenopeikoa ezagutzera emango dute. Argazkigintza sortu zenean, teknika hau baztertu eta eginkizun didaktikoetarako baino ez zen erabiltzen. Harrigarria bada ere, teknologia berriei esker, kontrakoaren bila ari garelako edo, indarra hartu du antzinako teknologia honek.

Durangoko F-stop argazkilaritza elkarteak hasieratik egin du argazkigintza estenopeikoaren alde. Big Mama proiektua horri buruzko ikerketen eta esperientzien ondorioa bat da. Itzelezko esfortzuaz eta dedikazioaz eraiki dute kamera estenopeiko erraldoia; barrura sartu daiteke eta bertatik bertara ikusi argazkia zer den eta zelan funtzionatzen duen. Gainera, argazkiak, barruan, une berean errebelatzea lortu dute.

F-stop elkarte-kideek prozesua azalduko dute; etxean egindako hainbat kamera erakutsiko dituzte eta teknika horren bidez eginiko argazkiak ere bai. Bertaratzen den publikoarekin argazkigintza estenopeikoarekin izandako esperientziak partekatuko dituzte.


 

Bertsoak eta argazkiak

Ekainak 21, 20:30 | Andra Mariako elizpean  

Durangoko erdigunean egingo den ekintza honen helburuak bertsolaritzaz gozatzea eta argazkigintza kalera ateratzea dira. Horretarako Igor Elortzak eta Unai Iturriagak saioa eskainiko dute eta, ondoren, proiekzioen zikloan parte hartu duten argazkilari perutarren eta marokoarren argazkien proiekzio bat emango dugu.

Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldi bat da. Ahozko euskal literatura-ren adarretako bat da.

Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza

horra hor zer kirol mota

den bertsolaritza.

(Xabier Amuriza)

«Eztabaida dialektikoa» darabilen artearen adierazpide hau mundu osoko kultura askotan agertu da. Gaur egun, besteak beste, hor ditugu Alpujarrako trovo, Ameriketako Hego Konoko payada edota Kubako repentismo direlakoak. Orobat, Asiako tradizioko parte da, antzinako greziar eta erromatar kulturetakoa, etaislamdar Mediterraneoko historiakoa.

Igor Elortza (1975, Durango, Bizkaia). Kurutziaga ikastolan hasi zen bertsotan, Jon Lopategigaz. 15 urte zeuzkala 1990eko Bizkaiko Txapelketako finalean sartu zenetik, 1.500 saiotik gora egin ditu euskal herrietan. Bizkaiko txapeldun izan da bost bider eta Euskal Herriko finalista hiru bider; azkenekoz, 2013an, hirugarren sailkatu zen. Beste adierazpide batzuetako sortzaileekin ere egin du hainbat lan, eta bertsotramak zein bertsokantak lako proposamen hibridoak landu eta plazaratu ditu. 

Unai Iturriaga (1974, Durango, Bizkaia) Arte Ederretan lizentziatua da ikasketaz baina berba eta irudien juntatzailetzat du bere burua. Gazte gaztetatik bertsogintzaren munduan dihardu buru belarri eta nahi baino txapelketa gehiagotan hartu du parte. Gidoigintzan ere aritu da telebista, zinema, komikia zein antzerkirako testuak sortzen. Bi liburu argitaratzera ere ausartu zen behinola: Isladak (Zubia 1997, testu hautatuak) eta Berandu da gelditzeko (Susa 1999, nobela). Josu Zabala musikari otxandiarra eta Igor Elortza bertsokidearekin 7 Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektu bertso-musikatuak sortu ditu. Azkeneko urteotan diseinu grafikoari eta kartelgintzari ere ekin dio berba eta irudien juntaketarako duen bokazioari segida emanez. Haunditan marrazkilaria izan nahiko luke.

Descargar musica