Arrelat La Bleda herrian garatutako argazki-egunkari bat da. Bartzelona ondoko herri txiki honetan du jatorria Roger Guausen familiak eta bera ere bertan bizi da 2004an hiria utzi zuenetik. Ordutik, tokia ezagutzeko eta herriaren eta bertan bizi diren familien partaide izateko aukera izan du; bizitza-proiektua eraiki du bere emazte, lagun, animalia, zuhaitz eta bideekin batera. Irudi hauekin ziurtatzen du bera, fisikoki eta emozionalki, toki horretakoa dela. Renobell gogoraraziz: " Jendeak norberaren definizioak egiteko erabiltzen ditu argazkiak".
Lau urtetik gora eman ondoren argazkiak egiten, orain, argazkiok berraztertu eta bilduma-lana paratu du intentzio sentikor nabariaz eta bere buruari eskatu diezaiokeen askatasun formal handienaz baliatuz, halako moldez non, irudi ugarien metaketak esanahi osoa ematen baitio bere lanari. Hurbilketa zuzena, bat-bateko argazkia, argazki posatua edota natura hila dira, muga eta aurreiritzi gabe, darabiltzan baliabideak; argazkiak, paisaiak, animaliak eta objektuak oinarrizko osagarri bilakatzen ditu diptikoak, talde muralak eta sekuentziak egiteko.
Jainkozkoa eta Paganoa gure gizartean sarri agertzen diren kontzeptu eta jarrera kontrajarriak dira eta interesgarria den isla dute jai herrikoietan zein erlijio ekitaldietan. Batzuetan bi kontzeptu hauek ontzi komunikatuek bezala funtzionatzen dute, eta bada bi hitz horiei eta euren bat egiteari esker gizarte oreka lortzen dela pentsatzen duenik. Inauteriak, zaindarien jaiegunak, Aste Santua, erromeriak eta beste asko egutegi zorrotz bati jarraiki ospatzen dira urtean zehar.
Zenbaitzuetan balantza haragizkoa, atsegingarria edota lotsagabea denaren aldera okertzen da, besteetan aldiz penitentzia eta espiritualtasunaren aldera. Zenbait kasuetan poloak gurutzatu egiten dira, mezu nahasgarriak eta iradokitzaileak eman eta bigarren irakurketak egiteko aukerari bide emanez. Susmatzekoa den bezala, bizitza beti itzultzen da bere bidera.