I Mahai-ingurua

Panorama: argazkigintza garaikidea, hemengoa, hangoa eta beste zenbait lekutakoa

Mónica Lozano eta Rocío López. Bideratzailea: Jon Gorospe

12:30ean

 

Panorama: argazkigintza garaikidea, hemengoa, hangoa eta beste zenbait lekutakoa izenburuko mahai-inguruan, argazkigintza arloko gaur egungo estrategien ebaluaziori dagozkion gaiak landuko dira.

 

Besteen artean, aztertuko dira Espainian gaur egun diharduten argazkigintzako korronte edo eskolak, mugimendu horiek beste herrialde batzuetan hartu dituzten bidea eta erabakiak eta Europako argazkigintzaren egituraketa gaur egun. Kontinenteen arteko merkatu zabalagora sartzeko izan diren argi-ilunak azaleratu eta gogoeta egingo dugu.

Mónica Lozano (1971, Kanaria Handiko Las Palmas)

Ikus-entzunezko zientzietan lizentziatu zen Madrileko Unibertsitate Konplutentsean, eta argazkigintza, edizio grafikoa eta kulturaren kudeaketa irakasten jardun izan du. 1995ean, Murtziako Arte Eskolan hasi zen irakasle, eta 2003an hiri bereko unibertsitateko Komunikazio Fakultatean; bederatzi urte daramatza bertan irakasle. Irakaskuntzaz harago, gelditu barik dabil bere burua prestatzen eta bere lanbidea jorratzen. 2007an, argazkigintzari buruzko Cienojos bloga sortu zuen, eta 2010ean kultur elkarte bilakatu zen; bertatik, argazkigintza garaikidea sustatzeko proiektu eta ekitaldi asko gauzatzen ditu. 2016an, Joan Fontcubertaren obra teorikoari buruzko bere tesia irakurri zuen.

 

Gaur egun EIDÉTICA izeneko plataforma garatzen ari dira, argazkilaritzari buruzko gogoeta bultzatzeko heziketa-plataforma, hain zuzen ere.

 

Informazio gehiago: www.monicalozano.es.

Rocío López (Almería, 1984)

Rocío López. Fotografia de Edurne Herrán

2007an hasi zen argazkigintzaren arloan, Berlinen zegoela. Handik bueltan, zaletasuna lanbide bilakatzeko erabaki irmoa hartu, eta Granadako Arteetako Eskolan hasi zen ikasten. Harrezkero, ia atseden hartu barik ari da lanean proiektu indibidualetan zein kolektiboetan, era askotarikoetan.

Bere obra pertsonalean, gertuko inguruari erreparatzen dio, eta hor motorrek paper garrantzitsua hartu dute. Abiapuntu berezi honetatik, eten barik bilatzen ari den hizkuntza fotografiko baten bidez, gaur egungo gure kezketako funtsezkoenari ekin dio, generoari, hain zuzen ere. Egin dituen erakusketetan pisuzko galdera bat agerrarazi du irudietan: zein da emakumeak jokatzen duen rola publizitatean, modan eta kirolean.

 

Gaur egun, Arabako Argazkilaritza Elkarteko Presidentea eta Koordinatzaile da, eta irakasle eta argazkilari ere ari da. Kolaborazio ugari ditu, besteak beste, El Mundo, El Correo, DNG Photo Magazine, Biker Zone eta Eliot Iron hedabideekin. Bere lana www.ciolopez.com web gunean dago ikusgai.

 

Jon Gorospe (Vitoria-Gasteiz, 1986)

Jon Gorospe. Fotografía de Joselure

Lanak ekoizten dituen sortzailea da eta, horrez gain, irudia ulertzeko jardunean ari da, ikuspegi teorikotik. Delineazio teknikoko formazioa hartu ondoren, hezkuntza artistikoetako gradu bat egin zuen unibertsitatean; diseinu grafikoko espezialitatea egin zuen Euskal Herriko ADGEn, Lituaniako Vilnius Faculty Of Art-en, eta ikasketa amaierako proiektua Maltan egin zuen. Ikasketak osatu zituen argazkigintzako eta zinearen arloko autoreekin: D´ágata, Xavier Rivas, David Jiménez, Javier Rebollo, Jose Luis Guerín eta beste batzuk. Hainbat sari jaso ditu, hala nola, Argazki garaikideko Galizia, Montehermosoko produkzio beka, Albarracineko argazkilaritza eta kazetaritza beka, Periskopio lehiaketa, Gizon Fantastikoa egitasmoa, Hemen eta Orain eta beste zenbait. Herrialde, erakunde publiko eta galeria pribatuetan erakutsi ditu bere lanak. Informazio gehiago http://jongorospe.com/  web gunean.