Ekainaren 25a, 19:30
Argazkilaritza Durangaldean Gaur Durangaldeko argazkilarien inguruko hitzaldia da. Postulatu apaletan oinarrituta, argazkilaritza garaikidearen mapa topografiko lez, Durango eta bere inguruko argakilaritza produkzioaren egoera aztertuko du oso premisa sinple bat abiapuntu hartuta: lurralde geografiko eta denbora esparru beretsuan egun lan egiten duten autoreak ezagutaraztea, sortzaile beterano eta kontsagratuenengandik etorkizun oparoa duten gazteenenganaino.
Mikel Onandia (Durango, 1983) arte historialaria eta kritikaria da. Filosofian eta Artearen Historian lizentziatua UPV/EHUn, Bartzelonako Unibertsitatean Arte Garaikidearen Analisia graduondokoa eta UPV/EHUn Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Erakusmoldeak masterra gauzatu ditu. Guggenheim Bilbao Museoa eta Gasteizko Artium bezalako zentruetan prestakuntza praktikak eta lan egin du. Orain gutxi Bilboko Arte Ederren Museoa: bilduma baten jatorriak. Bilboko Arte Ederren eta Arte Modernoko Museoaren bildumak. 1908-1936 ikerketa lana gauzatu du Bilboko Arte Ederren Museoa – BBK Fundazioa 2010-12 Bekarekin, eta Victor Arrizabalaga eskultorearen Beste liburu batzuk erakusketa komisariatu du Bilboko Foru Liburutegian 2012ko udazkenean. Gara egunkariko Mugalari gehigarri kulturalean kolaboratu du, arte kritikaria da Berria egunkarian 2009. urtetik eta Deia-ko Ortzadar-en kolaboratzen du. Gaur egun Artea Durangaldean Gaur / Arte en el Duranguesado Hoy publikazioa prestatzen ari da.